2010/05/15

Ezinezko pendiza


Poemak idazlearen gogoan du abiapuntua, idazlearen irudi gordeetan, nahietan eta aldarrietan. Idazleak ezin du sekula aurretik imajinatu paperari emandako lerroek argitaratu ostean egin dezaketen bidea. Marialuz Albujak idatzitako La pendiente imposible liburuko poemek sekula ez zuten irudikatuko Ezinezko pendiza bilakatuko zirenik, eta euskara bilakatze horretan artista liburuaren gorpuzkera hartuko zutenik, edo prozesu osoan hamar pertsonak parte hartuko zutenik.

Ezinezko pendiza poema sorta Asier Sarasolak euskaratu du, batBada lantegiarekin elkarlanean. Proiektu honen bidez itzulpena lantzea izan da helburua, eta proiektura zein euskarara beste herrialdeetako ahots berriak ekartzea.

Ezinezko pendiza ale bakarra Allende Arnaizek sortu du. Horretarako testuaz harago joan den sormen prozesua abiatu du, Okzitaniako Tolosan Patricia Franco dantzariarekin elkartuta, hark poesia hauetan oinarrituta egindako mugimenduak erretratatzen.

Liburuaren beraren sorrerak jende asko elkartu du, eta baita haren aurkezpenak ere. Xenpelar etxean egindako errezitaldian honako hauek ere parte hartu dute: Alvaro Ledesma (pianoa), Maria de Bernardo eta Idoia Beratarbide (jantziak).

Irakurleok goza dezagun barruak inarrosten dituen Marialuzen poesiarekin, aitaren figura eta familiaren oinarriak ezbaian jartzen dituen ahotsarekin.

Liburua deskargatu - Descargar libro

2010/05/11

Begira



BEGIRA, auto-edizioa bizitzeko modu bat: teknikaren dohainak adierazi nahi denaren esku uzteko gogoa, esperimentazioa begietatik sartzen den olatua.

BEGIRA, mintzo da isiltasuna: ez dago ez handi ez txikirik, ez luze ez laburrik, ez estu ez zabalik. Zerk neurtzen du obraren tamaina? Irakurlearen gogoan uzten duen oihartzunak, agian.

BEGIRA bat, eta BEGIRA bi: adi egonez gero jarraipena izango duen sailaren hastapena da BEGIRA duzuna. Urrats batean ilustrazio, bestean istorio, hurrengoan animazio izan daitekeen ibiltzeko modua.

BEGIRA, Idoia Beratarbideren lan berria: aurretik ikusi dizkiogu eskuak besteren testuak janzten, propioak irudiekin eraikitzen, zuzeneko emanaldietan pintatzen, Mikelazuloko hamaika diseinu orrazten. BEGIRArekin prozesu osoa hartu du bere gain: istorioak sortu eta gauzatu, arte objektu bilakatu, lehengo binilo-zorroen estetika gogora ekartzen duen batBada ale bikoitza paratu.

batBadako lantegian erronka berezia izan da BEGIRA: nola idazten da hitzik gabeko poema bat? Egilearekin batera bilatu dugu erantzuna, ezbaian jarri ditugu istorio bakoitzaren urrats narratiboak, lagundu ditugu Idoiaren pausoak: Ander Fernandezen musikaz, Iker Fernandez eta Asier Sarasolaren poesiaz.

BEGIRA: begiratzeak sortzen duen harridura, gauza txikietan ezkutatzen den mundua.




Jatorrizko aleari buruz: PDFan amaieran txertatutako argazkietan benetako batBada alea ikus daiteke; jatorrizko alean irudiak desplegatuta 90x90ko neurria hartzen dute.
liburua deskargatu

2010/05/10

Matilde eta Atea / Matilde y la Puerta


La Puerta y Matilde eta Atea.

Ezkutuan eduki nahi dugun hura geratu ohi da ate baten atzeko aldean. Irudimena ahal bezain urrutien eramatea lortu dezakegu ate horren atzeko aldean dagoena ezagutu gabe. Istorio on bat izango dugu zain Atearen atzeko aldean, ikustea merezi duten irudiak.

Todo cuanto deseamos ocultar queda detrás de una puerta. Podemos llevar la imaginación lo más lejos posible sin conocer qué hay detrás de esa puerta. Nos espera una buena historia detrás de la Puerta, imágenes que merecen ser vistas.


La Puerta y Matilde eta Atea.

Urteak igaro ditzakezu harri berarekin estropezu egiten diamanteari ostikoka ari zarela konturatu gabe. Urteak eman ditzakezu etxeko bazterrei hautsa kentzen, altzarien distira zaintzen, ia etxetik atera gabe eta senarraren arroztasun xaloa eramaten, pasilloaren erdian auskalo nora ematen duen Atea bat-batean aurkitu aurretik.

Puedes pasarte años tropezando con la misma piedra hasta saber que pateas un diamante. Puedes dejarte años quitando el polvo de los rincones de casa, cuidando del brillo de los muebles, sin apenas salir de casa y soportando la sencilla indiferencia de tu marido, antes de encontrarte de pronto con la Puerta que a saber hacia dónde dirige.

La Puerta y Matilde eta Atea.

Ander Fernandez (istorioa) eta Maite Gurrutxaga (ilustrazioa). Ireki ezazu haien lanaren Atea. Liburu-objektu harrigarria; zazpi aldiz txikiagoa izan nahiko duzu, ilustrazioetan bizi den marrazkia, eta Matilderi baietz esan, egoteko lasai, berarekin zoazela.

Ander Fernández (narración) y Maite Gurrutxaga (ilustración). Abre la Puerta que han trabajado. Un libro-objeto fabuloso. Desearás ser siete veces más pequeño, dibujo que habita en las ilustraciones y decirle que sí a Matilde, que esté tranquila, que vas con ella.

Asier Sarasola (batBada kidea)

deskargatu hemen - descargar aquí

2010/05/04

X. Poesiaren Astea: POESIA IBILTZEKO ERAK


(Argazkia: Allende Arnaiz. Dantzaria: Patricia Franco. 'Ezinezko pendizak' liburuan oinarritua).

EGITARAUA

Maiatzak 11, asteartea
19:00 AIREA IBILTZEKO ERAK. Talde-errezitaldia, zirku-telak eta musikarekin. Fanderian, bidegorriaren alboan dagoen parkean.
Parte hatuko dute, besteak beste: Imanol Epelde, Juan Ramon Makuso, Alex Tello, Auxtin Zamora, Mikelazuloko lan taldea. Corine Cellak zirku telak ibiliko ditu, eta haren mugiemnduetan oinarrituta poesia errezitatuko dute parte hartzaileek.

Maiatzak 12, asteazkena
19:30 HATSAREN OLERKI BUSTIAK bideoaren aurkezpena MIKELAZULON.
Auxtin Zamorak 12. Hatsa Olerki Bildumaren harira egindako ikus-entzunezkoa aurkeztuko du.
20:00 batBada ale berrien aurkezpena (I):
Idoia Beratarbideren BEGIRA alea: animazioa eta ilustrazioan oinarritutako lana, poesiak lagundurik.
Ander Fernandez eta Maite Gurrutxagaren MATHILDE ETA ATEA / MATHILDE Y LA PUERTA alea. Ipuina eta ilustrazioa, batBada lantegian landutako itzulpena.

Maiatzak 13, osteguna
19:30 EGUNSENTIAREN BURUAN errezitaldia. Aimè Cèsaire, negritudearen poeta MIKELAZULON.

Maiatzak 14, ostirala
20:30 HIRIA ARI DU olerki musikatuak. Fertxu Izquierdo eta Aitzol Lasaren eskutik MIKELAZULON.

Maiatzak 15, larunbata
19:00 batBada ale berrien aurkezpena (II): Marialuz Albuja Bayas idazlearen EZINEZKO PENDIZA poema bildumaren aurkezpena.
Marialuzek berak errezitatuko du, batBada ekimeneko arlo ezberdinetako sortzaileen laguntzarekin XENPELAR ETXEAN.
Poemen itzultzaileak: Asier Sarasola eta batBada. Alearen diseinua: Allende Arnaiz. Haiekin parte hartu dute ale honen sormen prozesuan: Patricia Franco (dantza), Idoia Beratarbide eta Maria de Bernardo (jantziak).

Maiatzak 19, asteazkena
19:30 Marialuz Albuja ezagutu. Idazlearekin solasaldia, eta ostean mikroak zabalik poemak irakurri edo gitarra hartu nahi duen ororentzat MIKELAZULON.

Maiatzak 23, igandea
19:00 IRATZEEN ESPORAK liburuan oinarritutako errezitaldia. Igor Estankona (hitzak) eta Borja Estankonaren (kantak) eskutik MIKELAZULON.

batBada: aurkezpena Gernikan





Ez dugu orain arte Mikelazulotik at aurkezpen ekitaldirik egin, baina pena merezi izan zuen. Gernikako errezitaldia neurri handi batean izan zen batBada, egun horretarako prestatu baikenuen preseski.

Hiru piezek osatu zuten emanaldia, eta egile bakoitzak bere bilaketa lanean sakontzeko aukera gisa baliatu zuen. Oscar Mansok bakardadean ekin zion ‘Breve historia de los conquistadores’ liburuko poemak errezitatzeari, eta egun horretarako propio sortu zuen ordenagailuarekin soinu banda. Oier Guillanek batBadakideek osatutako ahotsen koro batekin irakurri zituen ‘Munduko jakintsurik tontoena’ teatro testuko zatiak kolax moduan bildurik. Asier Sarasolak eta Iker Fernandezek batBada ale berria izango dena aurreratu zuen: Marialuz Albuja Ekuadorreko idazlearen jatorrizko poemak eta euskarako itzulpenak tartekatu zituzten.

Ondoren solasaldia egin zen. Ez baita erraza idatziz azaltzea esperientzia baten neurria. batBada-kideontzat ariketa interesgarria da proiektuaren filosofia zabaltzetik harago proiektua lagun artean azaltzea, batBada aleen prozesuen komeriak, erronkak, nekeak eta pozak.

2010/02/18

batBadaren berri Gernikan

Gernikako Gaztetxeko jendeak lan itzela egin du Poesia astea antolatzen, egitaraua erakargarria da oso, eta neurri handi batean parte hartzailea. ZORIONAK!!!

...eta eskerrik asko, batBada proiektuaren berri emateko gonbitagatik. Aurtengo 10. Poesiaren Astean ezagutzera emango ditugun liburu berriak lantzen gabiltza irakurle lantegian, eta ongi etorriko zaigu iazko lanak berriz ere gogora ekartzea. Gernikako ekitaldian Sarasola, Manso eta Guillanen liburuetan oinarritutako errezitaldi laburra eskainiko dugu, eta ondoren proiektuaren aitzakian solasaldia. Ekitaldi xumea izango da, baina gogotsu joango gara.


Hauxe duzue egitaraua osorik:

GERNIKAKO POESIA ASTEA (otsailaren 22tik 28ra)
ASTELEHENA, 22

20:00 Amaia Jauregizar gernikarraren "Azazkalak jaten" liburuaren aurkezpena eta errezitaldia.


MARTITZENA, 23

20:00 Mikrofonoak busti! Mikrofonoak zabalik izango ditugu nahi duenak norberaren edo beste norbaiten poemak irakurtzeko.
Laguntzailea: Busti irratia


EGUAZTENA, 24

20:00 Poesia komuneko paperean. Imanol eta Mattin Epelde. Poesia, antzerkia eta musika uztartzen dituen emanaldia, eszenatokia komun bihurtuta.


EGUENA, 25

17:30 Txoko poesia fondue. Txokolatean oinarritutako saioa adin guztietako ume eta gurasoentzat. Antzezlan laburra; marrazketa, idazketa eta historia txokoa; musika; erakusketa eta nahi beste txokolate jateko!


BARIKUA, 26

19:30 gura+haize Busturialdeko literatura fanzinearen aurkezpena.

20:30 Bustilehorreko poemak (itsasoak eta jendea). Jose Luis Otamendi eta Juan Azpillaga. Robert J. Flaherty-ren “Haraneko jendea” (1934) dokumentala, Otamendiren “Erlojuen mekanika” poema liburua eta Juan Azpillagak bildutako doinuak oinarritzat hartzen dituen emanaldia.

22:30 Kontzertua: Txuma Murugarren (5 euro)


ZAPATUA, 27

19:00 Un frasco de veleno. Pozoi flasko bat. Ana Cibeira idazle galiziarraren errezitaldia galegoz eta euskaraz.

19:45 Slavoj Zizeken sudurra. Xabier Montoia

20:30 Mikelazuloko kideen batbada proiektuaren aurkezpena.

22:30 Kontzertua: Rafa Rueda (5 euro)


DOMEKA, 28

18:00 Zine-kluba Pedro Duranarekin: Gritos y susurros (Ingmar Bergman)
Laguntzailea: Gernikako zine-kluba


ASTE OSOAN ZEHAR

Ana Cibeiraren collage erakusketa

2009/06/26

Munduko jakintsurik tontoena



Iñaxito Albisu Errenterian jaio zen 36ko Gerra baino lehen. Iñaxito Albisuk egin dituenak ezin dira etxe partikular batean egin. Iñaxito Albisuk ez dizu sekula erantzungo uste zenuen bezala. Batez ere, “egoki eta zuzen” bada zure leloa.
Iñaxito Albisu orain eta hemen zergatik aipatzen dudan? Haren bizitzako pasarteak moldatu dituelako “Munduko jakintsurik tontoena” antzezlana ontzeko Oier Guillan idazleak. Hortaz, Peru-txiki protagonista da Iñaxito, eta hura elkarrizketatzera doan kazetaria izango ginateke guztiok.
Hasiko gara hura ezagutzen, harrituko gara erantzunekin, ernegaraziko gaitu batetik bestera doan adimenarekin, barre eta negar egin dezakegu jakintsurik tontoenaren munduan. Jasoko ditu egilearen irudimen bizkor eta mugagabeak protagonistak esan zituenak, asmatu zituenak, baita esango lituzkeenak ere. Eta biak, bai Oier bai Iñaxito, ezagutzen dituen honek, aitortzen du autoreak fideltasunez errespetatu duela protagonistaren biografia eta bere egin dituela haren egia gezurrezkoak. Elkarrizketa ezinezko eta oparo honetan, taula gainean baino bizitzaren antzokian jokatu behar den lan honetan, badago zer ikasi. Eskerrak ematea besterik ez da geratzen, eskutan hartzea Maria de Bernardok eginiko artista-liburua, guztion hatz mamiek Mkelazulon dagoen liburuaren azal epeleko tolesdurak miatu diatzela.

(Asier, batbada kidea)

Liburua deskargatu

Audioa entzun edo-ta deskargatu